M14

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2020ko urr. 30a, 08:30

Azkenean, hainbeste oztopo eta zailtasunen ondoren, eguna jarri diogu trenaren lurren gaineko herri galdeketari. Historikoa izango da 2021eko martxoaren 14a. Zaila zirudien, ia ezinezkoa, honaino ekarri gaituen prozesuari hasiera eman zitzaionean. Bilerak, aurkezpenak, komisioak, sinadura bilketak, buruhausteak, prentsa oharrak, kartelak, manifestazioa...hori eta askoz gehiago. Ezina ekinez egina. Eta heldu da egun handia. Zuk, durangar guztion modura, erabakia hartu ahal izango duzu zeure moduko herritar talde batek egindako lanari esker.

Hori bai, zer da erabaki beharko duzuna? Proiektuen arteko hautaketa izango da? Ez, ba. Galdeketak bi aukera eskainiko dizkizu. Indarrean dagoen proiektua bertan behera uztea ala berau babestea. BAI ala EZ erabaki ahal izango duzu. Bai aukeratuz gero, oraingo proiektua historiara pasatuko litzateke eta herritar guztion artean bideragarria den beste bat sortzea izango da hurrengo pausoa. Ezezkoaren alde eginez gero, ezer ez litzateke aldatuko eta gauzek bere hortan jarraituko lukete.

Norberak hartu beharreko erabakia da. Ondo pentsatzeko modukoa, Durangoren etorkizuna zeharo baldintzatuko duen proiektua baita. Edozelan  ere, oso garrantzitsua da parte-hartzea, Landakora joan eta botoa ematea. Behin izango hauteskundeez haratago bozkatzeko aukera, erabili beharko dugu ba. Egin dezagun handiago berez handia izango den eguna.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!