Déjà vu

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2020ko eka. 5a, 08:00

Artearen balioa neurtzea ez da erraza. Ezta adituak direnentzat ere. Abesti, margolan, poema, eleberri edo pelikulen maisutasuna unean bertan atzemateari ia ezinezkoa deritzot. Nire uste apalean, beste irizpideen artean, denboran irauteko duten gaitasuna da artelanei beren balioa ematen dien ezaugarrietako bat.

Kontua da, aurreko ostiralean, lanera kotxean nindoala, maiz entzun dudan diskoa jarri eta kantatzen nenbilen, hain ezaguna zitzaidan letrari erreparatu nionean. Automata baten tankeran abestu beharrean arreta jarri nuen entzuten ari nintzen horretan. Egiak bere burua saldu duela esaten ari zitzaizkidan, bai niri, Lekunberriko mutilak.

Azken astean Durangon jazotakoari buruzkoa zirudien. Izan ere, erdi egiak eta gezurrak iritsi zaizkigu. Batzuek eta besteek garai bateko mamuak berpiztu eta kanpaina zikina bizi izan dugu. Talde beraren beste abesti batek dioen moduan, denak ez du balio. Irainek eta gezurrek ez lukete lekurik izan behar gure bizitzan. Ez delako etikoa; ez duelako ezer positiborik ekartzen. Eta zer esanik ez, kontrakoa dirudien arren,  oraindik itxi ez diren zauriak zabaldu eta hautsak harrotzea beste arrazoirik ez dagoenean. Edo hori eginez, teorian izkutukoak, baina praktikan denok ezagutzen ditugun helburuak lortzeko bada.

Zoritxarrez, abesti horren mezuak gaur bertan idatzia dirudi. Espero dut, urte batzuk barru, beste behin letrari arretaz entzuten diodanean, abestia zaharkitu dela pentsatzea. Ez dut berriro déjà vurik izan nahi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!