Nonahi aurkitu zitezkeela kristal zati txikiak. Horrek zerbait adierazi nahi zuen: zapatu gauean kalean edaten ibili ziren asko eta askok, neurrigabe edan eta hondakinak ez jasotzeaz gain, hustutako botilak apurtzea erabaki zutela. Zergatik?
Honen aurrean, logikoki, herriko sare sozialak sutan jarri ziren. Ez da batere atsegina goizean jaiki eta kaleak horrela topatzea. Kexa mordoa zikintasunaren ingurukoak ziren.
Udalak eta garbitasun zerbitzuek ez zutela nahikorik egin eta ez zela aurreikuspenik egon.
Beste batzuek, aldiz, gazteen sentsibilitate eta errespetu falta zekarten harira; belaunaldi berrien balio falta salatu zuten.
Erraza da gazteei eta erakundeei errua botatzea norberaren erantzukizunari aurre ez eginez. Gizakiok oso barneraturik ei dugu gure atzetik datozen belaunaldiak kritikatzea. Niri, ordea, hainbat galdera otu zitzaizkidan. Zer dela eta jotzen dute gazteek masiboki alkohola modu horretan edatera? Zein beste aukera dauzkate? Zein rol jokatzen dugu euren guraso, irakasle, senideko eta abarrek? Azken finean, guk hezitako pertsonak dira. Benetan alkoholaren kontsumo masibo hori bukatzea eta esparru publikoarekiko errespetua hedatzea nahi badugu, ezin gara kexa hutsean geratu.