Egun osoa urduri igaro eta gero osasun zentrora joan da azalpen eske, eta inolako akatsik ez dagoela onartu behar izan dio sarrerako langileak. Bere medikua eta beste batzuk egon ez arren, ordezkorik bidali ez dutenez, gainontzekoak ari dira ez daudenen gaixoak artatzen. Aukera bi eman dizkio orduan: astebete geroago beste mediku batekin egotea ala larrialdietara joatea.
Larrialdietako itxarongelan zain dagoela, arrebaren deia jaso du. Semearen sukarra dela-eta Gurutzetan daudela esan dio. Ospitale hitzak benetan larritu du Eneko, baina azalpena entzutean ondo ulertu du: ordu batetik aurrera, eta gaixo dagoen haur batekin, Barakaldora joatea besterik ez dago.
Deia bukatzean Osakidetzaren kartela ikusi du parean. Gure esku ditugun osasun baliabideak goraipatzen dituena, hain justu. “Erabili osasun zerbitzuak arduraz” da mezu nagusia. Barre egin arren amorrua sentitu du. Eneko gutako edonor izan daiteke eta horrelakoak Durangon gertatzen ari dira.