Patxada

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2019ko ira. 20a, 08:30

Arin bizi gara. Ez daukagu ezertarako astirik. Dena berehala nahi dugu. Leku batetik bestera arrapaladan mugitzen gara, bideari erreparatu gabe. Ez dakigu lasai egoten eta pazientzia zer den ere ahaztu egin zaigu. Gauzak horrela, ez nau batere harritzen, baina bai apur bat tristatzen, azken asteotan Durangon entzun dudana: “Non sumatzen da aldaketa? Zertan dabiltza?” Hori dioten askok babesa eman zioten gobernu talde berriari eta urduri daude jada.

Kritika zein kexa aberasgarriak dira agintean daudenek, presioaren ondorioz, euren lana hobeto burutzeko. Erabakiak hartzeko gaitasuna beharrezkoa da baita ere. Baina, ez ote gara gehiegi eskatzen ibiliko? Itxaroteko gai ez bagara, ez ote dugu zapuztuko aldaketa bera?

Hauteskundeak maiatz bukaeran izan ziren eta udal berria ez zen ekainaren erdialdera arte osatu. Tartean abuztua izan dugu, gainera. Kontuan izan beharko genuke 40 urteko dinamika eta egiteko moduei buelta emateak denbora eskatzen duela. Onena egoera zein den ondo aztertu, hausnarketa egin, aukerak proposatu eta azkenik erabakiak hartu. Susmoa dut udalaren funtzionamendua uste duguna baino konplexuagoa dela eta konplexutasunari aurre egiteak zuhurtzia eskatzen du.

Aldaketa sakona izan dadin, hobe tentuz eta patxadaz aritzea, ezta? Gutxienez, 4 urte geratzen zaizkigu herria aldatu den ala ez erabakitzeko. Gauzak arin eta berehala egiteak ez du esan nahi hobeto egingo direnik. Patxada da denok behar duguna. Nago Durangok ere eskertuko lukeela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!