Ez gaude salgai

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2019ko uzt. 5a, 08:30

Harrotasun Eguna ospatu da Durangon lehenbizikoz. Stonewalleko istiluen 50. urteurrenean heldu da aldarrikapena gure herrira. Urteko egunik beroenean bildu ginen hainbat lagun udaletxe aurrean kalejirari hasiera emateko. Bertan gertatutakoak irakurketa ezberdinak utzi baditu ere, 3 ideia azpimarratuko nituzke: alde positiboa, alde negatiboa eta aukera. 

Alde positiboari dagokionez, txalotu beharra dago kalejira emakumeek gidatu izana eta lesbianen aldeko oihu eta aldarrikapenak izatea gehien entzun zirenak. Oso garrantzitsua da hau, mugimenduak berak, gizarte eredu patriarkalaren parte den heinean, gizonezko gayari eman diolako lehentasuna beti, besteak ezkutuan utzita. Gaur egun ere, gayfriendly diren ekitaldi gehienek darabilten irudi eta mezuei begiratzea besterik ez dago. 

Alde negatiboa bildutako jende kopurua izan zen. Egia da oso egun beroa izan zela, baina benetan uste dut etorri ahal zirenen kopurua askoz handiagoa dela herri honetan. Esango nuke batzuk ez zirela bertaratu besteek pentsatuko dutenaren beldur, eta beste asko ez dutelako uste ezer aldarrikatzeko dagoenik. Kapitalismoak, tamalez, onartu gaituela sinestarazi digu. 

Azkenik, aukera. Beste lekuetako eredu komertziala ez errepikatzeko abagune paregabea dugu. Stonewallen poliziari aurre egin ziotenak ez ziren gizon zuri gihartsuak izan. Egun hau eskubideak aldarrikatzeko da. Bakoitzak nahi duena, nahi bezala, maitatzeko eskubidea. Garen modukoak izateko eskubidea. Jaia bai, aldarrikapena ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!