Asteburu horretako larunbatean lagun batekin joan nintzen Landakora. Ez zaizkit azokak bereziki gustatzen, baina osteratxoa egitea bururatu zitzaigun. Bertan nengoela, bat-batean kartelaren kontua etorri zitzaidan burura. Eta ingurura begira hasi nintzen. Errealitatea uste baino samingarriagoa zen. Postuen izenak gaztelaniaz bakarrik zeuden arren, nire baitan pentsatu nuen saltzaileak kanpotarrak izanda, logikoa izan zitekeela. Neure burua lasaitzearren, suposatzen dut. Oker nenbilen. Ez nintzen gai izan azoka osoan kartel bakarra euskaraz topatzeko. Eskaintzak, prezioak eta informazioa, den-dena, en perfecto castellano. Baina tristeena edo sinestezinena bukaera aldera etorri zen. Irtetera gindoazela, komunetako kartelarekin egin nuen topo. Eta zer irakurriko? Ba, “Servicios. WC”
Ez naiz inoiz hizkuntzaren aferarekin oso tematia izan. Oraingo honetan, aldiz, jendaurrean salatu beharreko zerbait dela uste dut. Ezin daiteke izan, 2019an, Durangon, horrelakorik gertatzea. Erakunde publikoek badute lanik honetan. Durangoko Udalak Landako Gunea alokatzen duten enpresei euskararen erabilera exijitu beharko lieke.
Aski da! Euskaraz txiz egin nahi dut!