Eta zer harreman ote dute ba Google-ek eta Berlinek gurekin? Azkeneko honetan, hemen ere hainbat plataforma sortu dira zenbait arazori aurre egiteko asmoz. Durangaldeko lagun asko elkartu dira taldetan egoerak salatu eta neurriak eskatzeko. Alde batetik, daukatenarekin konformatzen ez direlako. Bestetik, gizartearen eraldaketa prozesuaren parte-hartzaile aktibo izan nahi dutelako. Eta garrantzitsuena, aukerak egon badaudela sinetsita daudelako.
Baita zu ere, irakurtzen ari zaren hori, plataforma edo mugimendu horietako baten parte izan zaitezke. Ateak zabalik dituzu. Zerbait aldatu behar dela uste baduzu, ez zaitez etxean geratu. Inork ez du esan erraza denik. Mugitzeagatik bakarrik ez da gertatuko, bidea luzea dela argi dago. Hala ere, ez ezazu pentsatu ezer ezin daitekeenik egin. Berlindarrek ere Google-en aurrean aukera gutxi zituztela pentsatuko zuten, ziur baietz. Baina, esamoldeak dioen bezala, badakizu, ezina ekinez egina.