Horren lekuko, sare sozialak. Ez daukagu urrutira joan beharrik gainera. Duela gutxi Durangoko herritarren talde batean sartu naiz. Bertako kideek berriak partekatzen dituzte, gainontzekoek euren iritzia eman dezaten. Ba, ohikoak dira erantzun zakar eta oldarkorrak. Nahi baino gehiagotan irainek hartzen dute eztabaida aberasgarriaren lekua. Frustrazioa askatzeko erabiltzen dute esparru hau batzuek. Argudiorik ez dutenean, besteari eraso egitea da euren estrategia. Horrela, albokoari iritzia emateko zilegitasuna kenduz, hasten dira jazarpen kasu asko.
Helduok horrelako harremanak eraikitzen baditugu, nola ez dute egingo, ba, gauza bera gazte eta txikiek? Bullyingaren aurkako kanpainez gain, gure jokabideak izango du haiengan eraginik handiena. Geuk izan behar dugu haien eredu, eta gainontzekoak errespetuz tratatu behar ditugu. Honekin bakarrik arazoa desagertuko ez den arren, hobe eredu positiboak erakustea, etengabe elkarri eraso egiten ibili beharrean.
Eta zu? Nola harremantzen zara aurkako iritzia dutenekin? Beste era batera bizi direnekin? Ezberdin pentsatzen edo maitatzen dutenekin? Haur eta nerabeentzat eredugarria zara?