Heldu da ordua

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2018ko uzt. 6a, 08:30

Azkenean esan digute zer egingo duten. Gardena dela dioen udalak hainbat urte behar izan ditu hori egiteko, baina, orain, durangarrok badakigu herri erdian 550 etxebizitza eraikiko dizkigutela eta horietako 120 babes ofizialekoak izango direla.

Herritarron parte-hartzea sustatzeagatik saria jaso zuen udal honek ere argi eta garbi utzi digu aurreko ostiralean aurkeztutako planak ez duela zertan udal bilkuraren onespenik jaso behar, dekretu bidez onartua izan daitekeela.

Garapen jasangarria ahotan etengabe darabilten erakundeek adierazi zuten 18 pisuko dorreak egitea trenbidearen lurperatzean inbertituriko dirua berreskuratzeko ezinbestekoa dela. Eta horregatik egingo direla. Herriaren beharrak hutsaren hurrengoa direla, azken finean. Hori bai, badakite etxebizitzak alturan eraikitzea  jasangarriagoa dela, eta esan zuten.  Infografia ederrak aurkezteaz gain arnasgune berdea kontzeptua erabili zuten, nahiz eta parkearen eta zuhaitzen ezaugarriak zehazteke dauden. Kutsadurak egunero itotzen duen herrian dorreen eraikuntzari loturiko trafiko eta auto kopuruaren hazkundearen inguruan ere, hitzik ez. Maisuak dira.

Gauzak horrela, zu,  irakurle, protesta egitera eta ahotsa altxatzera gonbidatzen zaitut. Beti esango dute etengabe kexaka ari garela. Ba ez dezatela kexatzeko hainbeste arrazoi eman. Dena dela, izpiritu kritikoa ezinbestekoa da gizarte batek aurrera egin dezan. Ezer egiten ez dugun bitartean beste batzuk etengabe ari direlako lanean.  Heldu da ordua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!