Durango 2031

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2018ko eka. 3a, 08:30

Elene eta Irati institutuko atzeko atetik atera dira. Bata bizikleta gainean eta bestea bere patinetearekin, kalea gurutzatu eta parkean sartu dira. Lagunekin geratu dira skate parkean arratsaldea emateko. Negu gogorraren ondoren maiatzeko egun eguzkitsuak aprobetxatu nahi dituzte. Aurten hasi dira biak DBHn eta azterketak gainean dituzte, baina gurasoak etxera heldu aurretik badute oraindik tarterik.

Iratiri ez zaio skatearena bereziki interesatzen eta tarte baten lagunekin berba egin ostean, ondoan dagoen Kultur Etxera abiatu da, Julenekin batera, udalekuei buruzko bilerara joateko. Atean bere ahizparekin egin du topo. Han dago, gelako pare bat neskekin. Dirudienez, historiako irakasleak Gerra Zibilari buruzko lana agindu die eta Durangoko Bonbardaketa aukeratu dute. Martxoak 31 dokumentazio gunetik beharrezko informazioa atera nahi dute. Baina ez dirudi oso langile daudenik. Euretako batek parkeko laku ingurura joateko proposamena egin die besteei, eguzkia hartzeko beharra daukala-eta. Gainontzekoek, Iratiren ahizpak barne, ez dute zalantzarik izan.

Iratiren ama, Eleneren aita eta historiako irakaslea ur ertzeko tabernako terrazan daude. Astelehenetan hartzen dute kafea han. Amari ez dio grazia berezirik egin alaba nagusia alferkeriatan ikustea. Irakasleak, berriz, barre egin du.  Hala ere, kafe baten aurrean eta arbolapean atsekabeek ez dirudite hain larriak. Eskerrak Irati eta Elene jaio ziren urtean durangarrek parkearen aldeko apustua egin zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!