Durangoko Udalari

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Uriguena Ruiz 2018ko api. 22a, 09:00

Politikariei, alkate eta zinegotziei barne, herritarren ordezkariak zareten heinean, gardentasuna eskatzen zaizue. Erabakiak hartzeko eskumena zuena bada ere, herritarron onuran pentsatzen duzuela suposatzen da.  Zuen eta lagunen interesak albo batera utzi eta herritarrenak direla zuen egiteko politikoa gidatzen dutenak. Horri esaten zaio zerbitzu publikoa. Gauzak horrela, ez zenukete inolako arazorik izan beharko zuen erabakien nondik norakoak argi eta garbi azaltzeko, ezta? 

 

Durangok ere udal gardena izatea du helburu. Duela gutxi jakin genuen moduan, Udalsareak saritu egin du Durangoko Udala, durangar guztiona hain justu, gardena izan eta parte-hartze publikoa sustatzeagatik. Eta pozik agertu zineten udal gobernuko ordezkariak saria eman ziguten unean.

Orduan, zer gertatzen da ba trenarekin eta trenbidearekin? Zeintzuk dira proiektuaren nondik norakoak? Zergatik entzun ditzakegu herritarren artean hainbeste iritzi ezberdin? 19 solairuko 5 dorretxe ikusiko ditugu Sasikoa kalean? Errepide berriak eraikiko dira? Ala parke erraldoia? Ezkurdi albotik ehunka kotxe pasatuko dira egunero? Bidegorri berria izango dugu trenbide zaharraren ordez? Zenbat diru ari gara gastatzen? Zertan?

Ados egon gaitezke edo ez. Noski. Baina informazioa behar dugu. Argia eta garbia. Eta horren arabera erabaki. Zer deritzozue guztiok batera Durangon inoiz izan den proiektu garrantzitsuena adosten badugu? Zergatik ez herritarrei galdetu? Zeren beldur zarete? Zer gehiago dago ba jokoan?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!