Krisia lehertu aurreko urte zoroak. Denak behar zuen handi, eder, gastuei erreparatu gabe. Herri orok nahi zuen zerbait enblematikoa. Hadidek diseinaturiko eraikin berria proiektu handiagoaren parte zen: trenaren lurperatzea eta 5 dorretxe. Etorri zen krisia, joan ziren urteak eta entzun zuen dorretxeena bertan behera geratuko zela, parke erraldoia eraikiko zutela. Benetako parkea. Porlan arteko arnasgunea.
Ez zara inoiz ederra izan; baliteke zure balio artistikoa zalantzazkoa izatea. Ez daki. Baina bai 2018ko Durango ezin dela zu gabe ulertu. Ba, parte-hartze publikoa sustatzeagatik sarituriko udalak ez dio herriari zugatik galdetu. Ironia ete? Erdi ezkutuan erabaki da zure patua. Krisia joan omen da eta itzuli dira betikoak betiko leloetara. Espekulazioak bukatu du zurekin. Eraberritu zintuzketen eta funtzio berria eman. Baina, badakizu, hori ez da aberasgarria aberastasuna dirutan soilik neurtzen dutenentzako.
Onena zera da, badirudiela durangarrek zu nola gogoratu erabaki ahal izango dutela. Aukeren artean, denak irrigarri eta mingarri, errotonda erdian eskultura bat irudikatu du. Baina argi du zein izan zitekeen zu gogorarazteko erarik onena: zutik irautea. Hori bai, garabiek ezin dute memoriarik eraitsi.