Azpimarratzekoa da, xakean emakumeek eta gizonek elkarrekin jokatzen badute ere, emakumeen presentzia oraindik oso txikia dela. Euskadiko Xake Federazioaren datuen arabera, hamar jokalaritik bakarra da emakumea, eta horrek erakusten du emakumeen parte-hartzea sustatuko duten ekimenak bultzatzen jarraitu behar dela. Hori dela eta, emakumeentzako txapelketak antolatzeak garrantzi berezia du, ikusgarritasuna ematen baitie eta emakumeen presentzia sustatzen baitu oraindik gutxiengoa diren arlo batean. Euskadin horrelako txapelketak urriak direnez, ekimen honek are balio handiagoa hartzen du.
Emakumezkoen Xake Txapelketa urriaren 4an egin zen, eta 20 jokalarik eman zuten izena. Guretzat oso berezia izan zen, izan ere, gure ordezkari batek, Maitane Varasek, bigarren postua eskuratu zuen.
Bestalde, xake aktiboko txapelketa —partidan jokalari bakoitzak 10 minutu ditu jokatzeko, denbora horretan mugimendu guztiak egin behar direlarik— oso berezia izan zen, ez bakarrik izaera ofiziala duelako (nazioarteko rankingerako puntuagarria baita), baizik eta orain arte Euskadin horrelako txapelketa bakarra egon delako.
Erantzuna bikaina izan zen: 69 jokalarik parte hartu zuten, giro bizia sortu zen eta klubak maila bikaina erakutsi zuen, bai antolaketan bai lehiaketan. Gure jokalarietako batek, Rodrigo Sarraldek, bigarren postua lortu zuen.
Etorkizunera begira, Larrasoloeta klubak horrelako ekitaldi gehiago antolatzeko asmo sendoa du, parte-hartzea eta eskualdeko xakearen hazkundea sustatzeko helburuarekin. Gainera, randomchess (ausazko xakea) bezalako modalitate berriak gehitzeko aukera aztertzen ari gara.
 
        
        