Iluntasunean babesleku bat aurkitzeko erabili daiteke. Depresioak motibazioa, energia eta zentzua desagerrarazi ditzake. Halakoetan, xakeak egitura sinple baina sendo bat eskaintzen du: 64 laukitxo, arau argiak eta helburu bat. Dena kaotiko dirudienean, taularen aurrean eseri eta jokatzeak, ordena apur bat ekar dezake. Jokoak eskatzen duen kontzentrazioak pentsamendu negatiboen zirkulua eten dezake, une batez bada ere.
Bakardadeak, batez ere adineko pertsonengan edo bazterketa egoeran daudenengan, osasun mentala okertu dezake. Xakeak, aurrez aurre edo online, harremanak sortzeko aukera ematen du: hitzik gabe ere, beste batekin denbora partekatzeko aitzakia izan daiteke. Isilik jokatzen da, baina hizkuntza indartsua da; errespetuan eta arreta partekatuan oinarritzen den komunikazioa.
Depresioa duen pertsona batek askotan ezer ez duela ondo egiten sentitzen du. Xakeak, erronka txikiak eta etengabeko ikaskuntza eskaintzen dituenez, lorpen txikiek autoestimua indartzen lagun dezakete. Mugimendu egoki bat, partida bukatu bat, estrategiaren ulermen apur bat... garaipen txiki horiek garrantzitsuak dira bizitzan aurrera egiteko.
Bururako atseden aktiboa ere izan daiteke. Beste aisialdi pasibo batzuk ez bezala, xakeak parte-hartze aktiboa eskatzen du. Erabakiak hartu, aurkariaren asmoak aurreikusi, egoerara egokitu... Jarduera mental hori lagungarria da burua jardunean mantentzeko eta, aldi berean, eguneroko kezketatik ihes egiteko.
Hau guztia esanda, argi geratu behar da, xakea, ez dela beste ezeren ordezkoa. Xakeak ez du depresioa sendatzen, ezta terapia ordezkatzen ere, baina lagungarri izan daiteke. Osasun mentaleko zentroetan, adinekoen egoitzetan, ikastetxeetan edo kolektibo ahulen artean, xakea tresna moduan erabiltzeak benetako eragina izan dezake. Ez da irabaztea edo galtzea: mugimendu bakoitzagaz aurrera egitea da.