Eskandalua xake munduan

Beste eskandalu bat xake munduan. Joan den astean, Nodirbek Yakubboev Maisu Handiak Vaishali Rameshbabu Maisu Handiaren kontra jokatu behar zuen Tata Steel Chess Challenger txapelketan. Partida hasi aurretik, Vaishalik eskua eskaini zion bere aurkariari, baina hark ez zion hartu eta ez ziola emango esan zion. 

Bi jokalari hauek elkar ezagutzen ez zutenez eta aurretik elkarren arteko arazorik ezagutzen ez zenez, arazoa Vaishali emakumea izatea izan zela suposatu zen. Xakean, gizonek eta emakumeek betidanik elkarrekin jokatu izan dute txapelketetan. Lehen, ohikoa zen jokalariek emakumea zirikatzea euretako baten aurka jokatzean. Vera Menchiken kasu famatua aurreko artikulu batean azaldu genuen. Baina gaur egun horrelako jarrerak alde batera geratu direla uste zen. Horrez gain, xakean bostekoa ez ematea ez da kiroltasun falta bat bakarrik. Arauek diote eskua eman behar dela partida hasi aurretik; bestela, partida galdutzat ematen dela, jokatu ere egin gabe.  

Famatua da Nigel Short bere aurkari Ivan Cheparinovi eskua ematen saiatu zela 2008an, eta Cheparinovek birritan ukatu ziola. Shortek protesta egin zuen eta epaileak Shorti eman zion partida. Ondorioz, Cheparinovek apelazio bat aurkeztu zuen. Azkenean, Cheparinovek eta Shortek partida errepikatu egin behar zutela erabaki zen, Cheparinovek ofizialki barkamena eskatzen bazion. Eta barkamena eskatu zion.

Vaishalik ez zion arbitroari deitu eta partida jokatzea erabaki zuen; gainera, bikain irabazi zuen. Askok karma izan zela esan zuten. 

Gertaera hau xake munduan oso esanguratsua izan zenez, Yakubboevek azalpenak eman zituen. Eskua ez ematearen arrazoia erlijioa izan zela esan zuen, bera musulmana dela, eta bere erlijioak ez diola uzten emakumeak ukitzen, baina errespetu osoa duela emakume jokalariarenganako, eta barkamena eskatu zion, horrek sortu zuen egoera desatsegina zela eta.

Azalpen hau askorentzat ez da onargarria izan; alde batetik, emakume bati eskua ez ematea emakumea izateagatik matxismoa goitik behera erakusten duelako; eta, bestetik, federazio internazionalaren legeek eskua ematea beharrezkoa dela diotelako eta jokalari honek, nahiz eta txapelketan lau emakumek parte hartuko zutela jakin, ez zien ezer esan txapelketako antolatzaileei. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!