Oldarraldiak ugaritzen

Erabiltzailearen aurpegia Mertxe Mugika Balanzategi 2026ko uztailaren 10a

Gauzak okerrera egingo ez dutela pentsatu, eta hara non beste bazter bat nahastu. Aitortu behar dut ez nuela espero unibertsitatera sartzeko proben auzia epaiketara heltzea. Hamaika ikusteko jaioak gara! Orain arte enplegu publikorako hizkuntza-eskakizunak izan dira gatazka; eta, ni neu, behintzat, erasoaldien jomuga lan munduan zegoelakoan nengoen, hezkuntza apartekoa zela pentsatuz. Ulergarria da azterketa bateko emaitzarekin ados egon ezik, berau berrikustea eskatzea. Baina, zergatik euskara? Izan dira beste ikasgai batzuetan zeroak, baita erreklamazioak ere. Orduan, ondoriozta daiteke, harrabotsa ondo pentsatuta dagoela euskara galtzaile ateratzeko, eta baliteke kasualitatea ez izatea hezkuntzaren esparruan gertatzea euskararen aurkako azken erasoa. Izan ere, inori ez zaio oharkabean pasatzen hezkuntza dela eremu estrategiko garrantzitsua hizkuntzaren biziberritzean.

Halaber, gertakari honek auzi askoz sakonagoa dakar: gaur egungo hezkuntza sistemak ez du behar beste eta behar bezain ondo euskalduntzen, egungo euskara ereduek ez dutelako bermatzen ikasle guztiak euskaradunak izatea. Hausnartu beharra dago, euskaraz ikasi eta bizitzeko baliabideak jarri behar baitira hasierako mailetatik unibertsitateraino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!