Malkoz eta irribarrez bete dute mezua zazpi gaztek: Leirek, Xabatek, Beñatek, Aitzolek, Elene Menguyk, Oierrek eta Oihanak. Bestelako pizkunde bati heldu beharra dagoen une honetan, Euskal Herriko txoko desberdinetako eta askotariko jitea duten gazteak aukeratzea erabaki koherentea iruditu zitzaidan. Izan ere, euskararen geroa bermatzeko, ezinbestekoa da gazteak lehen lerrora ekartzea. Mezuaren bukaeran, egileek zuzenean interpelatu gaituzte: “Euskara gara eta hemen gaude. Hemen gara eta euskaraz gaude. Aurrera goaz. Bazatoz?” Euskal Herriko gazte euskaldunak eta gazte ez garen euskaltzale guztiok erantzun beharko genuke: “Bai, bagoaz zuekin pizkunde aro berri batera”. Zelan, baina? Bada, ez dakienari euskaltegietako ateak parez pare zabalduz, eta dakigunok ahalik eta gehien erabiliz: etxean, lanean zein kalean. Finean, bertoko hizkuntza eta kultura barneratu ezik, herria ez delako inoiz herri izango.