Euskara gara

Erabiltzailearen aurpegia Mertxe Mugika Balanzategi 2026ko otsailaren 20a

Dagoeneko ate joka dugu 24. Korrika. Euskararen aldeko egitasmo zirraragarrienak, itzelenak, hunkigarrienak… Atharratzetik Bilbora egingo duen bidean, Durangaldeko bazterrak astinduko ditu martxoaren 28ko iluntzean eta gauean. AEKkideok eta inguruko laguntzaile prestuak ari gara Korrika aurkezten, lekukoa eramateko eskaerak kudeatzen, korrika txikiak antolatzen… Beti esan dut Korrika auzolan erraldoia dela, eta ezinezkoa litzatekeela aurrera ateratzea atzean boluntarioen lana egongo ez balitz. Biba zuek!

Aurtengo edizioan, aurkezpenetarako bideoan, Korrikaren 45 urteko ibilbidea islatzen saiatu gara argazkietan eta leloetan. Bada, gezurra badirudi ere, urte hauetan guztietan badaude gauza batzuk behin eta berriro errepikatzen direnak: aurpegietan poztasuna, lekuko atzean jendea saltoka eta brinkoka, pankartetako aldarriak, herria, komunitatea. Horretaz gain, ia mende erdi geroago helburu bertsuak ditu ekimenak. Batetik, euskararen kontzientzia suspertzea; eta, bestetik, AEKren eguneroko lana (izan Tuteran, Maulen, Murgian, Abadiñon edo Atharratzen) duintasunez aurrera eramateko dirua biltzea. Ea posible den hemendik 45 urtera Korrika erabiltzea gure hizkuntzaren handitze prozesua munduari erakusteko, horrek zera erakutsiko lukeelako: euskara gara!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!