Baina errealitatea bestelakoa da, zeren eta egun horiek igaro eta gero zaharrak berri jarraitzen dugu. Batetik, hizkuntza eskakizunen auziak okerrera egingo du. Konstituzionalera jotzeko bidean omen dago, eta Jaurlaritzak berak ere salatu du afera, oso larria dela esanez; izan ere, sektore publikoan euskara normalizatzeko sistema guztia jar dezake kolokan bide horrek. Bestetik, euskararen inposizioaren “mantra” inoiz baino indartsuago dabil gure inguruan, nahiz eta argi dagoen ez dela egia. Inposatu da erdaldun elebakarrek egiten digutena: 30 euskaldun dauden lekuan erdaldun bakarra izanda ere, gaztelaniaz esplikatzeko exijitu. Eta, tartean, jarraituko dute gure agintariek euskaratik urruti daudenak “seduzitu” behar ditugula esaten. Bada, segi dezagun horrela, aprobetxatu abenduko oasia, gero, urte osoan, gaztelaniari bide eman beharko diogu eta!