Hogeita bi urtean buru izan den Nerea Mujikak lekukoa pasatu dio Gotzon Gomezi. Eskerrik asko, Nerea, urte hauetan guztietan egindako lanagatik, eta zorte on ibilbide berrian, Gotzon! Albistea zabaldu zenean, irakurri nuen ez zela lan erraza bi hamarkadako ibilbidea laburbiltzea. Ideia horri tiraka, hasi nintzen pentsatzen zenbat ekimen garatu dituen Gerediaga Elkarteak; eta, are garrantzitsuago, akaso, zenbat egitasmo dauden, egun, bizirik Durangaldean Gerediagari esker. Diktadura garaian, kultura elkarte eta herri mugimendu askoren aterpea izan zen. Urrutira joan barik, nekez uler daiteke Durangaldeko AEKren sorrera Gerediagaren itzalperik gabe. Zalantzarik ez daukat: Gerediaga Durangaldeko historian eragile esanguratsua izan da. Liburu eta Disko Azokaren antolaketan ikusten dugu nagusiki Gerediaga Elkartea, baina hori baino gehiago da. Lan eskerga egin du Gerediagak hirurogei urtean, eta bide horretatik jarraitzea eskatzen diot; izan ere, mundu globalizatu honetan garrantzitsua da jakitea nondik gatozen, non gauden eta zerk batzen gaituen. Animo eta bejondeizuela!