Ahobizi edo belarriprest txapa jarri, eta segi! Duda barik, gure hizkuntzak ahoz ahoko transmisioaren bidez bizirik iraun dezan, Euskaraldia zein beste egitasmo asko bideratu beharko dira. Hala ere, une honetan, ekimenei baino garrantzi handiagoa emango nioke koherentziaz jokatzeari, eta koherentzia gutxi ikusten dut nik bazterretan. Esaterako, gero eta gehiago dira euskara eskakizunak diskriminatzaileak direla argudiatuz, ezbaian jarritako lan-deialdiak. Bada, horren aurrean, Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa da “segurtasun juridikoaren” izenean, lan-eskaintza publikoko postuen erdiei baino ez ezartzea derrigortasun data. Marka da gero, oldarraldi judizialari kontra egiteko estrategia izatea oldarraldiaren edukietara egokitzea! Nire ustez, badago beste bide bat: Diputazioa eta Jaurlaritza elkar mugituz egitea aurka erasoei. Egundo baino abertzaleago dugu agintaritza, beraz, koherentzia izan dadila euskararen kontrako ebazpenen aurrean erabilitako estrategia.