Aipu horiek erabiltzen ditut neuk nerabeekin hizkuntza gaia lantzen aritzen naizenean. Abeslari nafarra erreferente jarrita, ikusarazten saiatzen naiz posible dela euskaraz eginda arrakasta izatea. Bada, uste dut azkenaldi honetan Zetak taldeak egindako apustuak argi utzi duela euskaraz ere posible dela handira jokatzea. Horren atzean lan handia dago, eta, batez ere, ideiak oso argi. Zetak taldeko liderrak oso argi dauka zein mezu bidali gura duen sortzen duen ikuskizunaren bidez. Hasieratik bultzatu du bere herrian, Arbizun, bizi eta lan egitea. Hasieratik izan du ardatz euskara, baina ahaztu gabe beste hizkuntza txiki batzuk. Nafarroa Arenan egon zirenek nekez ahaztuko dute bertan bizi izandakoa, bertan entzundako mezuak.
Zetak eta Pello Reparazen musika gustuko izan edo ez, euskal kulturaren alde sekulako lana egiten ari da. Mitoaroa ikuskizuna masa fenomeno bilakatzeak gure gazteen artean euskara zabaltzea ekarri ahal du, eta, horregatik bakarrik, merezi du handira jokatzea!