2075. urtea: Durangalde euskalduna?

Zenbatek egingo du euskaraz 2075. urtean? Kike Amonarrizek bota duen galdera horrek eman dit zutabe hau idazteko ideia. Erantzun garbirik ez dudan arren, jakin badakit ni neu ez naizela egongo, ez euskaraz, ezta beste ezelan ere berbarik egiteko! Eta nire ondorengoak? Bada, ez dakit zer erantzun. Izan ere, hemendik 50 urtera Durangaldean euskaraz bizi ahal izateko, oraindanik hartu behar dira neurriak. Eta zalantza izpirik gabe, neurrietako bat premia sortzea izango da.

Sortzea diot, egun, zoritxarrez, ez dagoelako inongo beharrik euskara ikasteko. Irailean gaude, eta hilabete osoa daramat euskara ikasteko matrikulazio kanpainan. 2024-2025 ikasturterako, oso ekimen erakargarria abiatu du Eusko Jaurlaritzak. Hala, interesduna ia doan has daiteke ikasten. Bada, euskaraz eroso bizitzeko pausoa ematen hasiko diren batzuk joan dira izena ematera. Miresmen osoa beraientzat, ze txalotzekoa da datorren astetik aurrera egingo duten ahalegina euskara beren egunerokoan txertatzeko. Nonbait ikusi dute euskara ikasteko beharra, eta gure lana izango da bide horretan laguntzea. Dena dela, ikasleek ez ezik, euskaraz dakigunok ere badugu zelan eragin 50 urte barru euskara bizirik irauteko: erabili, erabili eta erabili!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!