Eta orain zer?

Ia bi hilabete igaro dira azkeneko zutabetik hona. Denetarik gertatu da etenaldi honetan: 23. Korrika, berrogei urte eta gero Gabarra, Legebiltzarrerako hauteskundeak, oporraldia, San Prudentzioak...

 Nik bi gertakariren gainean jarriko dut arreta, baita hausnarketarako bidea eman ere. Lehenengo gertakaria, zelan ez, 23. Korrika da. Izugarria izan da. Inoizko Korrikarik handiena, hala ondoriozta dezakegu ANBOTOn publikatutako argazkiak ikusita. Ozen aldarrikatu dugu HARRO HERRI honetan euskaraz bizi gura dugula. Eta orain zer? Kalera irten egin gara euskararen alde, zer gehiago egin behar dugu? Bigarren gertakaria Legebiltzarrerako hauteskundeak izan dira. Durangaldeko datuei erreparatuta (baita datu orokorrei ere), alderdi abertzaleak izan dira nagusi, ustez, euskararen aldeko politikak egiteko aukera gehien dituztenak. Bada, bi gertaera horiek aintzat hartuta, horra nire hausnarketa: Euskal Herriko instituzio nagusiek ezin dute beste alde batera begiratu. Indarra badago neurri ausartak ezartzeko. Bakoitzak bere erantzukizunak hartzen baditu, gero eta gertuago egongo gara euskararen normalizaziotik. Bestela, zertarako behar ditugu indar erakustaldi horiek? Beraz, berandu baino lehen abia ditzagun euskararen ekosistema osoa bustiko duten atzera bueltarik gabeko hizkuntza politikak. Korrikak kaleak bete ditu nabarmen, alderdi politiko abertzaleei eman diegu botoa nagusiki. Orain euskararen unibertsalizazioa bermatu behar da erabileran eragiteko, eta horretarako herritarron ahotsari jaramon egin behar. Zuen txanda da politikook!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!