Bizkarsoro

Orain dela gutxi estreinatu da Josu Martinez zinemagileak zuzendutako Bizkarsoro filma. Aurreko asteburuan ikusteko aukera izan nuen, eta iruditu zitzaidan euskaldunon historia ezagutzeko pelikula gogorra bezain polita eta hunkigarria. Asmaturiko herri batean kokatu du istorioa Martinezek, nahiz benetako gertakariak dituen oinarri. Bost istoriotan zehar, hainbat belaunalditan eman zen aldaketa nabarmen ageri da: 80 urtetan euskaldun elebakarrak nagusi izatetik, gutxiengoa izatera pasatu ziren. Aldaketa ez da berez ematen, baizik eta erabaki administratibo eta politiko batzuen ondorioz.

2024. urtera salto eginda, nekagarria eta etsigarria da ikustea euskaldunon eskubideak behin eta berriro zapaltzen direla. Batean, epaile batek ebazten du Donostian udaltzain izateko ez dela euskara jakin behar. Hurrengo batean, Beskoitzeko Herriko Etxearen erabakiz, bertako ikastolak datorren uztailetik aurrera ezin izango du klaserik eman egungo lokaletan. Mende berrian egonagatik, erabaki administratibo eta politiko batzuek tarteko, euskaldunon eskubideen urraketek ez dute etenik.

Martinen pelikulan erakusten da euskararen zapalkuntzari aurre egiteko tresnak egon badaudela. Sarritan euskaldunok pentsatu ohi dugu handien kontra ez dagoela borrokatzerik eta asimilazioa onartu egin dugu. Egoera aldatzeko, euskarak urteetan jasan dituenak kontatu eta ezagutarazi egin behar dira. Euskararen alde lanean jarraitzeko nondik gatozen jakitea beharrezkoa da. Hortaz, ez galdu Bizkarsoro ikusteko aukera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!