Harro Herri!

Erabiltzailearen aurpegia Mertxe Mugika Balanzategi 2023ko aza. 24a, 08:43

Tipi-tapa tipi-tapa, Korrika. Badator, bai, euskararen aldeko iniziatiba hunkigarriena; Euskal Herri osoa aintzat hartuta diharduena. Harro herri leloa entzungo dugu datorren udaberrian hainbat txokotan. Hitz jokoak, endemas, bi kontzeptu batzen ditu: harrotasuna eta herritartasuna. Uste dut aurreko edizioetan emandako parte-hartze masiboak argi uzten duela gure hizkuntzaz harro gaudela, eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula; herri euskalduna dugula helburu.

Bai, harro sentiarazten gaituzte euskararen alde ematen diren indar erakustaldiek. Oraindik ere oso gogoan dut azaroaren 4an Bilbon bizi izandakoa: milaka lagun atera ginen kalera Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea lau haizeetara zabaltzera. Bai, harro gaude, baina ez konforme. Oraindik badago zer aldarrikatu. Egun ere nahitaezkoa da Euskal Herri osoan euskararen normalizazioa bizkortzea eta norbanakoen aktibazioan eragitea. Baina lan hori ezin da herritarren bizkar utzi.

Gure ahaleginarekin batera, instituzioek ardura garrantzitsua dute euskararen normalizazioan. Hortaz, beldur barik, eta harrotasunez, hizkuntza-politika ausartagoak martxan jartzeko unea heldu da. Eta guk, herritarrok, bide horretan eskua luzatuko diegu. Halaber, 23. Korrikak Iparraldeko Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko du.

Eredugarria da haien ikasketen une erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko egiten duten hautua. Euskararen ekintzaile apartak dira! 2024ko martxoan berriro ere erakutsiko dugu bagarela nor, eta harro gaudela eraikitzen ari garen herriarekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!