Aurkia eta infrentzua!

Etsigarria da EAEko Hezkuntza Legea berrian duela 40 urte sortutako hizkuntza-ereduak mantetzeko asmoa. Argudio moduan jarri da gurasoek eredu desberdinen artean aukeratzeko askatasuna bermatzea. Etsigarria da 40 urte igaro ondoren, horrelako argudioak irakurri behar izatea. Izan ere, matrikulazio datuen bilakaerak argi erakusten du D eredua dela hautu nagusia, beraz, gurasoen askatasuna ez dago ezbaian.

Halaber, berrogei urteren ondoren, frogatuta geratu da A eta B ereduek ez dutela euskalduntzen, eta ikasle euskaldun eleaniztunak sortzerako orduan, arrakasta gehien izan duen hezkuntza-eredutik abiatu behar dela hurrengo urteetan gidatuko duen arautegia: euskara ardatza izango duen eredua. Ezin dugu aukera hau galdu.

Era berean, etsigarria da 2023ko urte judiziala abiatzeko ekitaldian justizian euskara gutxi eta nekez erabiltzen dela entzutea arduradun nagusiaren ahotik; oraindik bide luzea dagoela EAEko justizia administrazioan euskara txertatzeko. Zenbat urte beharko dira gutxi eta nekez hitzen antonimoak erabiltzeko?

Baina dena ez da etsigarria. Pozteko arrazoiak ere egon dira azken egunetan. Ezin aipatu barik utzi euskaltegietan matrikulatu diren ikasle andana. Buruan daukat 0 mailatik abiatu den Elorrioko taldea: adin eta jatorri desberdina duten 8 lagunek hasi dute euskara ikasteko bidaia zoragarria. Ikaragarria da hauek zein beste milaka helduk egiten dioten ekarpena euskararen biziberritzeari. Bejondeizuela!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!