Ofizialtasuna

Konturatu orduko, amaitu da abuztua. Atzean geratu dira egun osoko hondartza egunak edota mendi irteerak. Hemendik aurrera, betiko errutinak hartuko du lekukoa, ze erremedio gura badugu berriro ere opor egunekin gozatu!

Oporretan egonagatik ere, ez dut galdu egunkariak irakurtzeko dudan ohitura. Oraingo honetan ez da faltan egon zer jarraitu medioetan. Niri atentzioa eman dit Espainiako Kongresuan Euskara, Galiziera eta Katalana erabiltzeko aukera emateak sortu duen ikusmira eta, zenbatengan, ilusioa. Ez dut nik zalantzan jarriko horrelako ekimenek duten oihartzuna eta ikusgarritasuna, ezta hizkuntza gutxituentzat duten eragina. Gurera etorrita, baina, ez dut uste aldaketa nabarmenik ekarriko duenik, ikustea besterik ez dago Nafarroako Erkidegoan gobernua osatzeko orduko negoziaketetan euskarak izan duen tokia, eta are gehiago, aurrerantzean ere ofizialtasunaren inguruan aurrerapausorik ez denean aurreikusten.

Zenbat aurreratuko dugu Madrilgo gorteetako diputatu euskaldunentzako itzulpen zerbitzua jarrita, gero hemen ezin badugu, esaterako, Barbie filma euskaraz ikusi? Uste dut egokiagoa litzatekeela estatuari eskatzea inbertsioak egitea aipatutako hizkuntza ofizialen alde. Baina horretarako, alderdi euskaltzaleek argi egin beharko lukete indar Madrilen, hango Gobernuarekin negoziatu beharreko gaietan, serio eta lehentasunez sartu Euskararen normalizazioa; azpiegiturak, transferentziak eta inbertsio ekonomikoekin batera.

Hala ere, askoz hobe genuke gure erakundeek koherentziaz jokatuko balute euskarak bertan duen ofizialtasunarekin, zaila baita ulertzea oraindik ere zenbat kostatzen den euskaraz bizitzea!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!