Giharra

Ukaezina da Tourrak izan duen arrakasta. Lasterketa arduradunari egindako elkarrizketa batean hurrengo lerroburu honekin geratu nintzen: “Tourra identitate bat erakusteko aukera da, herrialdearen onena mundu osoari erakusteko garaia da”. Eta hala izan da; jendetza batu da bide bazterretan, ikurrinak lau haizeetara, euskara erabili da lasterketa hasieretan eta bukaeretan. Horrek guztiak berriro baieztatu du herri honetan badagoela nahi bat: nor garen erakustea, identitate nazional bereizi bat dugula, eta aukera dugun guztietan munduari erakusten diogula zer gura dugun.

Ideia horri bueltaka nabilela, Espainiako Auzitegi Konstituzionaletik etorritako azken epaiaren berri izan dut. Oraingoan ezeztatu egin du EAEko udalen legeak euskara hutsean jardun ahal izateko ematen duen eskumena. Zer eta “oreka linguistikoa” urratzen duelako! Epai hau dator euskararen erabileraren eta normalizazioaren kontra ebatzi diren beste askoren segidan. Ezbairik gabe, oldarraldi judizial baten aurrean gaude, non euskaldunen hizkuntza eskubideak jomugan dauden. Gainera, okerrera egiteko arrisku handia dago. Ikustea besterik ez dago maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean Espainiako eskuinak hartu dituen lehen neurrietako batzuk gaztelaniaren aldeko eta estatuko hizkuntza gutxituen aurkakoak izan direla.

Ez datoz garai onak berdintasunaren alde sinisten dugunontzat, baina gure esku dago giharra erakutsi, eta datozen urraketei STOP esateko. Tourrean egin dugun moduan egingo al dugu, orain, gure hizkuntzaren defentsan?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!