Entzuten duguna gara!

Atzean utzi ditugu udaberriko atseden egunak, eta konturatu orduko uda giroan sartuko gara. Zantzu guztien arabera, uda beroa dugu aurrean. Inguruan bizi garenok badugu, baina, nora joan beroari aurre egiteko: hondartza, pagadiak, erreka bazterrak, herriko igerilekuak...

Ni ez naiz aspaldian egon inguruetako igerilekuetan, baina ondo gogoan daukat duela urte batzuk behin baino gehiagotan joaten nintzela egun edo arratsalde pasa etxe ondoko igerileku publiko zein pribatu batzuetara. Halaber, gogoan iltzatuta daukat igerilekuetako megafonietatik barreiatzen zen musika: nagusiki euskara ez zen beste hizkuntzaren batean.

Aurrekoari tiraka, badut kontu bat helarazteko igerilekuetako kudeaketa hartuko dutenei: hausnartu apur bat ea zer eskainiko diezuen bertaratuko direnei, hau da, ea zabalik egongo diren ordu guztietan ze musika eta zein hizkuntzatan jarriko duzuen. Jakin badakit jendartearen musika gustuak anitzak direla, horregatik ez naiz ausartuko euskaraz bakarrik jartzeko eskatzera; baina, euskal musikari behar eta merezi duen tokia egiteko beharra jarriko dut mahai gainean. Duda barik, euskaraz, beste hizkuntzetan bezala, musika estilo ugari dago, belarri eta gustu guztietarako gozagarria. Hartara, igerilekuetara joaten garenok ohartuko gara euskaraz ere bizi den herri batean gaudela. Horrekin, megafoniatik barreiatuko den soinu banda euskara zabalduko da, eta mesede ederra ekarriko digu; izan ere, susmo osoa daukat erabiltzaileen aldetik barreiatuko dena, zoritxarrez, ez dela euskara nagusiki izango.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!