Andrazkoak, euskararen zaindari

Euskaraz berba eginda, herri bat osatu dugu euskaldunok: Euskal Herria. Berbakerak nortasunaren adierazgarri dira, eta guk, euskarari eutsita, gure euskalduntasuna adierazten dugu egunero. Eta lan horretan, andrazkoak izan duen eta izaten ari den garrantzia goraipatu gura dut zutabe honen bitartez.

Julene Azpeitia, Errose Bustintza, Arantza, Amaia eta Eskarne Aroma ahizpak, Josune Munitxa, Uri Ruiz Bikandi, Marisa Barrena, Nieves Aranoa, Kristina Mardaras eta Durangaldeko beste hamaika emakumeren izenak idatzi ditzaket. Garai desberdinetako Durangaldeko andrazkoak aipatu ditut: batzuek euskara etxeetan gorde eta zabaldu izan dute; beste batzuek lehen euskal eskolak sortu zituzten; aipatu izenen artean badaude Durangaldeko lehen gau eskoletan ibilitako bat baino gehiago. Zalantza barik andrazkoa izan da euskararen gotorleku garrantzitsua, eta zenbait ikerketaren arabera, andrazkoek jarraitzen dute euskararen zaindariak izaten gaur egun ere.

Esaterako, euskararen erabileraren kaleko inkestak generoaren ikuspegiarekin aztertu dituzte, eta nabarmen geratu da andrazkoek gehiago egiten dutela euskaraz gizonezkoek baino. Horretaz gain, EAEko euskaltegietako ikasleen ia %70 emakumeak dira, eta ikasle horien artapenaz arduratzen diren pertsona gehienak ere emakumeak dira.

Martxoaren 8a ate joka dugun honetan, eupada handi bat egunero euskararen zaintzaz gain, bestelako zaintzatan diharduten emakume guztiei, bereziki Durangaldeko AEK-ko andrazkoei. Izan direlako gara, eta garelako izango dira!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!