Euskararen Behatokiak abenduan emandako hizkuntza urraketen barruan argitaratu du Nafarroako Bertsolari Txapelketan, Nafarroa Arenan, taberna eta segurtasun zerbitzuetan ezin zela euskarazko arretarik jaso. Paradojikoa da 13.000 herritar euskara hutsez burututako ikuskizun batera joatea, eta aretoko zerbitzuak erdaraz baino ezin jaso izana!
Seguru nago, hala ere, paradoxa horri esker batek baino gehiagok sentitu zuela euskarara hurbiltzeko beharra. Esango nuke, sarritan, ez garela ohartzen bi mundu desberdinetan bizi garela, eta elkarren berri izateko zubiak eraikitzea beharrezkoa dela.
Zubi horien eraikuntzan kulturak paper garrantzitsua jokatzen du, baina iruditzen zait ez direla behar bezala aprobetxatzen aukera guztiak. Esaterako, hor dago ETB, bere sorreran euskara biziberritzeko apustu irmoa egin zuena. Egun, tamalez, egiten duen ekarpena, salbuespenak salbuespen, ez da txalotzekoa: baliabide gehienak gaztelaniazko katera bideratzen ditu, berrikuntzak gaztelaniazko katean probatu... Horrela jokatuz gero, nekez hurbilduko da euskararen mundura bertatik urruti bizi den bat; are gehiago, euskarazko telebistara, adibidez, arrimatu ere ez da egingo.