Hortxe ari gara lanean euskara erdigunera ekartzeko; hamaika ekimen, saio eta baliabide jartzen dira horretarako, eta gero, benetan eragiteko aukera dagoen gehienetan gaztelaniak hartzen du zentralitatea. Gaztelaniatik elikatzen ari gara uneoro, eta gero, euskarara etortzeko esaten diogu gizarteari; ohiturak aldatzeko eta praktika berriak sortzeko, benetako praktika euskara bazterretik ateratzea eta erdigunera eramatea denean. Noiz konturatuko ote gara? Bitartean, iraila ere badoa aurrera, eta datozen asteetan milaka izango dira euskara ikasten edo hobetzen hasiko direnak. Agian, tomate Orlando jaten ohituta egongo dira, baina euskaltegietako irakasleok ahaleginduko gara gurea den zaporera erakartzen, euskararekin goza dezaten!