Halaber, poztekoak dira Durangaldeko datuak, non erabilerak %5eko hazkundea izan duen azken 11 urteetan. Hala ere, uste dut ezin garela konformatu emaitza hauekin. Edozein momentuan joera aldaketa gerta daiteke. Mundu globalizatu batean bizi gara, eta ikaragarria da hizkuntza handiek duten indarra.
Horren aurrean indarra egiteko, badugu oraindik euskararen erabilerak busti behar dituen eremu estrategiko asko: hiriburuak, goi-kultura zentroak, lan-mundua, finantza eta negozio arloa, esaterako. Gune horietan ere euskara entzutea giltzarria da. Gune horietara hurbilduko dira egun haur eta gazte direnak. Eutsiko diote euskarari? Haur eta gazte horiek badute gaitasun nahikorik euskaraz erraz eta eroso aritzeko?
Galdera horiei eta beste batzuei erantzun beharko diegu guztion artean. Testuingurua ondo ulertzea eta aurrera zelan egin ondo asmatzea dugu erronka, eta hori guztia benetako elkarlanean eta lankidetzan eginez gero, seguru nago gero eta euskara gehiago entzungo dudala mugitzen naizen kaleetan!