Heldu zein gazte, euskara aurrera!

Askotan irakurri eta entzun izan dugu 2022ko urtea euskararen urtea izango dela. Esapide berria ez bada ere, uste dut beharrezkoa izaten dela noizbehinka gogoaraztea ez dagoela ezer ziurtatuta euskararen biziberritzean. Are gehiago, bi urtean pilatutako ezkortasun pandemikoan, euskarak kalea galdu egin du eta badago gogoa kaleak berreskuratzeko; kapitulu triste bat zerratzeko beharra dugu, kalean berriro elkartzeko, gozatzeko, elkar babesteko…. Euskararen aldeko ekimen nagusi bi dagoeneko egin dira: 22. Korrika eta Herri Urrats. Ekimen bietan nabaria izan da jendearen poztasuna. 

Halaber, aurreko zapatuan Donostian gazteen eskutik etorritako manifestazioan milaka izan ziren euskararen alde bildutakoak, deialdiaren atzean mezu positiboa egon da, zerbaiten alde eta ez ezeren kontra. Esango nuke zapatuko hitzorduak ekarri duela haize freskoa: euskararen erabilera gazteen artean sustatzeko deia gazteek beraiek eginda, eta ez helduok geure pulpitotik esandakoari jarraituta. Sarritan esaten da gazteen artean euskararen erabilera eskasa dela. Nik beste modu batean ikusten dut afera: gazteen artean ematen den erabilera ez dator bat ezagutzarekin alderatuz gero. Helduen kasuan gertatzen den antzera. Hortaz, ez dezagun gazteen bizkar gainean utzi euskararen erabileraren zama.

Amaitzeko, balio beza manifestazioak dena euskararen alde jartzeko: euskararen aldeko jaiak eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialak indartzeko; ume, gazte zein helduen artean euskarak behar duen bultzada eta prestigioa eskuratzeko. Finean, sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, gu garen zerbait baizik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!