Aurreko egunean, kotxean nindoala, Euskadi Irratian bi enpresa gizon (bai, antza enpresaburuak beti dira gizonak, baina gai hori hurrengo baterako utziko dut) aritu ziren esanez Ukrainako gerrarekin izugarri gogortuko dela egoera. Hain handiak izango ei dira gainkosteak egoerari ezin izango zaiola aurre egin. Ohiko urte batean bi milioi euroko faktura ordaintzen bazuten argi-indarrean, une honetan 10 eta 12 milioi artean egon liteke ordaindu beharrekoa. Horiek horrela, burura etorri zitzaidan lehen konparaketa euskara planen aurrekontuekin alderatzea izan zen; euskara aholkularitza energia baino askoz merkeagoa ateratzen zaio enpresa bati!
Alderaketak alde batera utzita, euskararen kontuan gure esku dago zelan egin aurrera. Guk, euskaldunok, erabakiko dugu euskara noraino eraman gura dugun. Hautua ez dago, neurri batean behintzat, munduan gertatzen diren gorabeheren menpe. Euskaraz dakigunok euskaraz hitz egin dezakegu gure artean, koronabirusa tartean egon edo ez dakit nongo gatazka egon. Ukaezina da ez garela bizi isolatuta, mundu globalizatu honetan denak du eragina gugan, baina ze hizkuntza hautu egiten dugun ez dago besteen esku, hori gure erabakia da.
Izurriteen eta gerren ostean gosetea etortzen omen da. Nik ez dut gura horrelakorik gerta dadin, ez horixe! Euskararen kasuan, behintzat, euskaldunon esku egongo da gosez ez akabatzea.