Hitzekin, ekin, elkarrekin

Auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori. Kontua egitea da. Egiten duguna gara. Izatea egitea da.

Lorea Agirreren hitzak dira, euskaldunok ahalduntzeko deia eginez. Korrika, Euskaraldia edo beste ekimen batzuk tarteko, ahalduntzen aritu gara azken urteetan. Baina, euskaren aldeko dinamikak hedatzen eta indartzen ari zirela, pandemia agertu zen, eta hondamendi soziala eragiteaz gain, euskararen biziberritze-dinamika gogor kolpatu zuen eta kolpatzen ari da.

Baina, 2022. urteak aukera bikaina eskainiko digu berriro ere euskarak galdu dituen espazioak berreskuratzeko. 2022. urtean Korrikaren eta Euskaraldiaren edizio berriak ezagutuko ditugu: martxoaren 31tik apirilaren 10era, 22. Korrikak zeharkatuko du Euskal Herria, eta azaroaren 18tik abenduaren 2ra ahobizi eta belarriprest dinamikak zipriztinduko gaitu. Zalantza barik, 2022a euskararen urtea izango da, hitzekin eta hitzez ekiteko garaia.

Lehen mugarria 22. Korrika izango dugu, apirilaren 1ean goizaldeko ordu txikitan Zornotzatik sartuko da Durangaldera, eta eguna argitu ahala, Mallabitik irtengo da. Sei ordutan ibiliko da lekukoa eskuz esku, bidean gauza asko topatuko ditu: irriak, emozioak, negarrak, barreak, saltoak, aniztasuna; eta batez ere, euskaraz bizi gura duen eskualdea, 22. tantora heldu gura duen eskualdea, ezinbestekoa ikusten duena partida hau irabaztea. Lagunok, ekiteko ordua da, orain irabazi behar da norgehiagoka. 22. Korrika batzeko unea da, eta batuta ekingo diogu Durangaldean. Ekin elkarrekin, ekin Korrikari!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!