Durangaldea euskaldunagoa izateko bidean aurrera!

Lehenengo eta behin eskerrik asko Anbotoko lagunei Lau hortza atalean idazteko gonbidapenagatik.

Durangaldeko AEKn dagoeneko abian dugu 21-22 ikasturtea. Urria amaitu berri dago, eta gure ikasgelak berriro bete dira euskara ikasi edo hobetu gura duten ikasleekin. Baten batek pentsa dezake Durangaldean euskaltegiak soberan daudela; eskualdeko ikastetxe guztiak, edo ia guztiak, D eredukoak badira, bada, eskolak betetzen duela euskalduntzeko lana. Ukaezina da eskolek egiten duten lana, baina berriro ere matrikulazioen emaitzetan probatuta geratu da helduak euskalduntzearen premia.

Horren erakusle argiena da behe mailetan dagoen ikasle kopurua eta hauen artean ematen den aniztasuna: erretiroa hartu berri dutenak eta euskara ikastea eginbeharrekotan dutenak, estatuko beste herrialde batetik Durangaldera bizitzera etorritakoak eta euskara ikasteko abentura zoragarrian murgiltzen direnak. Adin, zaletasun, motibazio anitza, baina denak helburu bera: euskara ikastea.

Euskaltegira etortzearekin batera, baina, beharrezkoa da ikasle horiek euskaldunen sarea ezagutzea, komunitateko partaide izateko, eta horri begira, hain zuzen ere abiatu dugu Durangaldeko Mankomunitate eta Udalekin batera Berbalagun egitasmoa.

Egitasmo horri esker ezagutuko dute elkar ikasleek eta euskaradunek, bultzada ezin hobea erabilerarako!

Ekimen hauek eta beste asko ezinbestekoak dira, zalantza barik, Durangaldea euskaldunagoa izateko.

Hurrengoan gehiago!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!