Agur (I)

Txikitan izan nituen hainbat tik: zebrabidean marra beltzak ez zapaltzearena, ikastolara bidean frantsesetako eskolaren hesiko bi zutaberik bat ukitzearena, begiekin kliskak egitearena, eztarria garbitzearena…

Halako batean, oroitzen dut, hasi zitzaidala jendea derrigor agurtu beharrarena; esan nahi dut maite nuen jendea –eta batez ere amamak– agurtu gabe ezin joatearena. Pentsatzen nuelako zerbait pasatuko balitzaie eta sekula gehiago ikusiko ez banitu pena handia emango lidakeela agur ondo esan ez izanak. Eta akordatzen naiz Landetan kanpinean aitak aittitte hil zela esan zigunean gogora ekarri nuela nola agurtu nuen azkenengoz, eta horrek lasaitu ninduela.

Amaitzen den oro gaizki amaitzen dela, pixkanaka, eta gainontzean txarrera doala, hautsez estali arte, dio Calamarok krimen perfektuen kantuan, eta egia da kostatzen ari zitzaidala azkenengoetan zutabe hau idazten -parkamenak maketatzaileei ostegun goizetan bidaliriko testuengatik-. Eta zail omen da agurraren lezioa konprenitzen alde batek baietz eta besteak ezetz dioskunean, baina ez da nire hautuz izan despedidarena.

Idatzi dut Madalenako estazioko gizonaz, matematikari palestinarraz, Saharako elurraz. Idatzi dut nazi mozorrotu zinegotziez, gereziez eta amianto lainoez. Idatzi dut Nanni Balestrini edo Pessoa izan nahian. Eskerrik asko, Markel, Aritz, Jone eta gainontzeko langileoi leku hau uztearren; eta Ritxi, Ainhoa, Markel, Miren, Leire… astekaria eusteko zutabegintza lanean konplize izateagatik.

Agur, gure hizkuntzan, esan daitekeelako ailegeran eta joaeran. Beraz, agur, solemnitate handirik barik eta berbaren anbiguotasun osoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!