Geroari

Erabiltzailearen aurpegia Martin Loizate Sarrionandia 2023ko mar. 31a, 08:33

"Esaten digute: Jan eta edan! Zer duzue, alai zaitezte! / Baina zelan jan eta edanen dugu gero / Jaten duguna gosetuari kendua badiogu / Eta gure basoa egarrituak behar badu? / Eta hala ere jan eta edan egiten dugu."

Bere garaitik, garai ilunetatik, etorkizuneko jendeari mintzo zaio Bertolt Brecht, eta lerro horietan planteatzen du zapalduaren eta iraultzaren alde dabilenaren kontraesan zahar bat: injustizia eguneroko ogia denean, gozamenari bide ematearena.

Kontraesan horren sintesiaren bilaketa etengabearen emaitza izan dira, aurreko fase politikotik hona, Martxa eta Borroka jaialdietatik hasi eta datorren astean Elorrion ospatuko den Gazte Topagunea artekoak. Lan militantea eta aisia lotuz, gazteria errebeldea estetika, soinu banda eta errelato batekin lotzeko ahalmena izan duten mugarriak.

Garai hitsetan bizitzea tokatu zaigu guri ere: gerra inperialistak, krisi klimatikoak eta faxismoaren gorakadak ezaugarrituriko testuinguruan, geroarekiko espektatibarik eza da nagusi gazteon artean, eta mundu hobe baten ortzi-muga irudikaezina zaigu kasik. Dozenaka hitzaldi, ikuskizun eta kontzerturen artean, gai horiez arituko dira hiru egunez Martin Arbeo, Eraitz Saez de Egilaz edo Inna Afinogenova, adibidez.

Orainari idatzi dio Leirek. Ezin jakin datorren astean Elorrion egingo dugunak zer utziko duen gerorako, kanta eder bat eta milaka anekdotez gain (espero dut kontzerturik bertan behera ez geratzea dekorazioagatik). Baina iruditzen zait badauzkala osagaiak, ziklo politiko berrian, sintesi horren sinbolo izateko.

Eta bestela, poetak dioen moduan, etorkizuneko jendea izan dadila bihozbera gurekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!