Amianto hautsezko lainoa oraindik jalkitzeke dagoela apunte batzuk nahi nituzke egin.
Lekua izan da Sorginola, gauzak egiteko lekua, indefinizio horren potentzialitate guztiarekin. Izan delako antzerki konpainia baten entsegu lokal eta Greba Orokorrean apustu etxeei jaurtitzeko arrautzak tintaz betetzeko toki aldi berean. Eta aldi berean esatean, esan nahi da egun eta momentu berean.
Eta izan da proiektu artistikoen sorleku eta erakusleiho, eta Plateruenaren itxieraren ostean gaztetxea eraisteak esan nahi du Durangon ia ez dagoela lekurik profesionalak ez diren artistentzako. Eta leku bat gutxiago arrautzak tintaz betetzeko.
Baina bertan jaio direnek jarraituko dute antzerkia egiten, abesten, errimatzen, poema liburuak argitaratzen. Hauek ezin dira eraitsi.
Orain dela zortzi urte belaunaldi bat gaztetxe baten bila hasi zen eta fundizio zaharraren okupazioak gazte mugimenduan sorturiko olatuaren aparrak gaurdaino heldu dira. Ordukorik gabe ez legoke gaurkorik.
Bide horretan lehen aldiz ezkerra gobernura iritsi da (eta belaunaldi horrek badu zerikusirik) baina inozoa litzateke gobernua eta boterea berdintzea, eta Sorginola gehiago behar da herria eraldatzeko. Eta abesten, errimatzen eta poema liburuak argitaratzen dituen jende gehiago ere bai. Eta greba gehiago, amianto hautsezko lainoa jalkitzean Durango zerbait aldatu dela esan ahal izateko.