Erreginaren txanpona

Erabiltzailearen aurpegia Martin Loizate Sarrionandia 2022ko ira. 16a, 10:00

Telebista programa eta periodiko nagusietako artikulisten idatziekin nahikoa izan ez duzuenontzat, hemen dakartzuet Erresuma Batuko erreginaren heriotzaren harira beste istorio bat. 

1920. urteko igande goiz bat zen Irlandako independentzia gerra deritzonaren baitan IRA zaharrak Britainar inteligentzia zerbitzuetako 11 polizia hil zituenean, bando errepublikanoan infiltratuta aurkitu ondoren. 

Arratsaldean Croke Park Dublingo zelairik handienean futbol partidua jokatzen zen. Michael Hogan zen bisitarien kapitaina, eta ez zuen imajinatuko, epaileak sakea nork atera erabakitzeko txanpona airera bota zuen momentu berean, britainiar poliziek Dublingo gazteluan beste txanpon bat bota zutela airera, kasu honetan, goizeko ekintzari mendekua Croke Parken edo Sackville kalean gauzatu deliberatzeko. Futbol zelaiko txanponak ifrentzua markatu zuen: bisitariek aterako zuten sakea. Dublingo gaztelukoak, berriz, aurpegia. Polizia futbol zelaira sartu eta 65 irlandar zauritu eta 14  hil zituen tiroz, tartean Hogan, bisitarien kapitaina. 

Igande odoltsua eta 91 urte geroago, hil berri den erreginak, Ingalaterraren eta Irlandaren arteko harremanen normalizazioa erakutsi nahian (6.000 polizia mobilizaturik, eta hala ere istiluak egon ziren) eginiko bisitan Corke Park bisitatu zuen. Prentsan agertu ez zen arren, diotenez, erreginak txanpon bat aurkitu zuen futbol zelaian. Aurpegiaren aldea zuen bistan, baina ez zen bere aurpegia. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!