Bitartean

Erabiltzailearen aurpegia Martin Loizate Sarrionandia 2022ko uzt. 15a, 08:31

Idatziko nuke udako oporretan ezagutu lekuez edo loretan dauden sagarrondoez. Idatziko nuke eguzkipean irakurritako liburuen iruzkin bat, kontzerturen baten kronika. Ahaleginduko nintzateke zutabe alai bat egiten sikiera, egun bero honetan freskura pixka bat emateko gai dena.

Astearte gaua da, bihar goizik bidaliko diot idatzia oraindik oporrak hartu ez dituen kazetariari, behin zuzentzailearen galbahea pasata, etzi maketatzaileak zutabe forma eman eta nire argazkia erantsi ostean, inprentara bidali eta ostiral goizerako milaka ale inprimatuta izateko, banatzaile gazteak eguerdiko eguzkiaren azpian orgatila hartuta etxez etxe banatu ditzan.

Eta, bitartean, igoal emakume bati eraso egin dio gizon batek alboko herriko jaietan, agian berriz erreprimitu du bortxaz protesta bat poliziak edo beste pertsona bat hil da inguratzen gaituzten mugak zeharkatzen. Baliteke bitartean espetxean jarraitzea Iruñeko Kuria kaleko gertakariengatik atxilotuak, beharbada Madrilera bidean daramate beste euskaldunen bat. Apika gasolinaren prezioak bi euro eta erdiak pasatu ditu, edo negurako gas erreserbarik gabe geratu garela onartuko digute agintariek. Akaso beste telebista aurkezle edo kazetariren bat harrapatu dute zerbitzu sekretuekin trapitxeoan, menturaz Euskal Herriko hedabideren baten zuzendaria da.

Garai txarrak dira hauek lirikarako –inoiz garai onik izan bada-, eta haatik inoiz baino beharrezkoagoa zaigu. Baina ahalketuko nintzateke buzoian astekaria jaso eta sagarrondoez irakurtzean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!