Goizean oskorri

Erabiltzailearen aurpegia Martin Loizate Sarrionandia 2022ko mai. 6a, 08:45

Paradoxa da: erregaien eskasia dagoenean, iduri luke txinparta bat nahikoa dela denak su har dezan.

Mikel Otero eta Alfons Perez etorri ziren urrian, Hitz liburu-dendak antolaturik azken honek kaleratu “Itun berdeak pandemia garaian” liburua aurkeztera. Lagun batek galdetu zidan aurkezpenaren inguruan eta eman nion iritzia azalpen oinarrizkoegiak eman zituztela, igarri zutelako publikoarentzat berriak zirela klima aldaketarena, energia iturrien agorpenarena eta itun berdeena. Lagunak erantzun zidan jendeak ez duela gaian interesik izango gasolina litroaren prezioa euro bira igo artean.

Euria egin du ordutik, ez urtegiak betetzeko lain. A8an lanetik bueltan gatozela gasolindegiko afixak abisatu digu 95 berunik gabekoak gainditu duela euro biko langa berriro. Baina jarraian Ukrainako gerraz edo erregaiei gobernuek ezarri zergez mintzatuko zaizkigu, krisia koiunturala bailitzan. Ekologismotik planteatzen diren eztabaida horiek ez dute lehen orririk mereziko.

Ez dakit nori irakurri nion errazagoa zaigula bonba nuklear baten osteko munduaren amaiera imajinatzea, berau eragin lezakeen sistemari alternatiba bat pentsatzea baino.

Eta astelehen goizean kotxea hartuta abiatuko gara berriro A8an barna, eta ikustean zeruertza gorri segundo batez pentsatuko dugu hiriak su hartu duela. Dieselak ez du su hartzen, gasolinak bai, eta metanolaren garrak ikusezinak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!