Ez dut gerraz idatziko

Erabiltzailearen aurpegia Martin Loizate Sarrionandia 2022ko mar. 4a, 08:55

Ez dut gerraz idatziko, jada esanda dagoelako bando batek edo besteak irabazi, galtzailea jende xehea dela beti, eta lehenengo biktima egia.

Hala ere, ez dut gerraz idatziko, nahiz eta kontatuko nituzkeen Berlinen igaro egunotan ikusiriko manifestaldiak eta metroko haur ukrainarra. Errazkeria baita gaia emozioen esparrura mugatzea, Eroskiko donazio kanpainaren arduradunak badaki hori.

Baina ez dut gerraz idatziko, munduan gerrak bezainbat galdera baitabilzkit buruan bueltaka. 

Edonola ere, ez dut gerraz idatziko, eguazten gauez bidaliko dudan idatzi hau barikurako zahartuta legoke, zortzi urte badaramatzan gatazkak abiadura handia hartu baitu.

Edozein kasutan ez dut gerraz idatziko, gerrari ezetz esan eta aldi berean NATOren asmoak salatuko banitu, gerraren aldekotzat joko nindukeelako batek baino gehiagok.

Alabaina ez dut gerraz idatziko, EBk bakearen izenean Ukrainara armak bidaltzea ez delako notizia, batzuentzat bakea zer den aspalditik dakigu. 

Horrenbestez, ez dut gerraz idatziko. Ez naizelako kazetaria eta beste hainbatek nik baino hobeto esplikatuko dizutelako gertatzen ari dena, adibidez Pablo Gonzalezek edo Hibai Arbidek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!