Laster arte, Lenin!

Erabiltzailearen aurpegia Martin Loizate Sarrionandia 2021ko aza. 16a, 10:34

Inoiz baino sorkuntza artistiko gehiago eta diferenteagoa dugu eskura, baina esango nuke gero eta aniztasun gutxiago dagoela kontsumitzen dugun horretan.

Modu berean, sare sozialen joera da norbere gustu antzekoenak dituztenez inguratzea. Lehen filtroa norberak ezartzen bazuen, orain gero eta plataforma eta bilatzaile gehiagok gure partez erabakitzen dute zer erakutsi eta zer ez, noren lagun eginarazi eta norena ez, oparitu dizkiegun datu pertsonaletan oinarrituz.

Horrela, Good bye, Lenin! filmeko emakumea bezala bizi gara, algoritmoak egunero begien aurrean jartzen dizkigularik gure ideia eta gustuetara egokitzen diren albiste, iruzkin eta gertakariak, esanaz bezala desio genukeen mundu hori dela errealitatea, gure sinesmenak erreproduzituko dituzten burbuila iragazkiak sortuz. Eroso baikaude norbere burbuilaren isolamendu ideologiko eta kulturalean.

Ez ditugu egunkariak informatzeko irakurtzen, norbere pentsaeran berresteko baizik. Eztabaidaren kotizazioak beheranzko joera du zorionaren burtsa honetan, ez hala matrakarenak.

Eta munduan egoteko modu honek azaldu dezake hein batean zergatik dagoen geroz eta jende gehiago martzianoen zain, birusaren, genero zapalkuntzaren eta aldaketa klimatikoaren existentzia ukatzen edo, Berlingo harresia erori ez bailitzan, iragan den mundu batean iltzaturik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!