Baina souvenirretako postalek eta garagardo iragarkiek idealizatzen duten sasoi honek baditu milaka aurpegi: hurrengo ikasturteko ikasle pisua ordaintzeko hondartzako tabernan irribarre profesional batekin Radler bat zerbitzatuko dizunarena, edo langile finkoen oporraldiak betetzeko eskualdeko fabrika batean irailera arteko kontratua sinatu berri duen gaztearena, batzuk aipatzearren.
Irratian entzun dut Bartzelonan bere buruaz beste egin duela Segundo Fuentesek, alokairua ezin ordaindu eta etxegabetzera zihoazenean. Izango dute gertatuaren berri opor egunetan pisu hori okupatuko duten turistek? Publikatuko al du Espainiako Bankuak turismoaren eta prekaritatearen arteko erlazioaren estatistikarik? Kontuan hartuko dituzte egungo langabezia tasa edo zerbitzu publikoen egoera autopsia egin eta heriotza zerk eragin duen zehazterakoan?
Baliteke apirila izatea hilabeterik krudelena, baina esango nuke kapitalismoaren egunerokotasun nihilista udako hileetan bistaratzen dela beste inoiz baino gordinago.
Eskerrak gereziak baditugun oraindik, gerezi garaien zain gauden bitartean.