Adierazpen askatasunaren inguruko zutabea idaztekotan nenbilela iritsi zait mezua II: “Espainiako Auzitegi Nazionalak lau urteko kartzela zigorra ezarri die Aitor Zelaia eta Galder Barbadori”, 2019an material piroteknikoa zeukan bidoi baten aurkikuntzarekin lotuta.
Bi gazteen kontrako epaiketaren bideoak ikusi dituena konturatuko zen Auzitegi Nazionalaren salbuespenezko izaeraz. Trantsizioa deituriko antzerki horretan, Frankismoan Tribunal de Orden Público (TOP) zena desagertu zen egun berean jaio zen AN, epaileak batetik bestera pasatu zirelarik.
Eta atzo bezala gaur, Espainiak ez du zigorrik gabe uzten 78ko erregimena zalantzan jartzen duen inor. Haséli ez diote barkatu monarkiaren irudia kolokan zegoen momentu batean haren kontrako aldarria zabaldu izana. Era berean, Aitor eta Galder mehatxua dira Espainiar Erregimenarentzat, urteetako jazarpenaren ostean estrategia berriturik borrokan jarraitzea erabaki duen gazteria ordezkatzen dutelako. Mehatxua diren bezala Oihan, Jokin, Adur, Arnaldo, Miren, Sonia, Lur, Ane, Beñat eta egunero bestelako herri bat eraikitzeko lan egiten duten milaka euskal herritar.
Eta III: Datorren astean 12 gazte nafarrek Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute, iragan urriaren 12an erregearen estatua bat botatzeagatik.
Gaur eurak dira, bihar ni edo zu izan gintezke, edo injustizia honen aurrean isilik geratu diren horiek.