“Crean un cuchillo capaz de cortar líquidos” irakurri duzu interneteko bilatzailearen hasiera orrian agertzen zaizkizun notizietako batean.
Geroago kontaktua zinenez 10 egun egin zenituen etxetik irten gabe eta ez litzateke zehatza lana galdu zenuela esatea hasi ere justuan egin baitzinen. Tabernak itxi zituztenerako asumitua zenuen ikasturtea ez zela abuztuko planifikazioekin bateragarria izango. “Zure aukeren gainetik” planteatu zenituen gauzak antza, nahiz eta hasieratik bertatik planetik kanpo utzi Kanarietara bidaia edo etxe bat bilatzen hasteko asmoa esaterako.
Hiru minutuero poltsikotik ateratzen duzun smartphonearen pantaila kraskatuak gogoratu arazten dizu zein hauskorra den etorkizuna, eta oraina.
Larunbat gauak ziren astean zehar barruan pilatutakoak husteko momentua, baina desagertu ziren larunbatak edo behintzat igandeen antza hartu zuten larunbatena baino gehiago eta datorren astearen zama motxilan kargatzen zabiltza lekua egin ezinik.
Orain arteko heldulekuak hautsi zaizkizu eta gai zara erortzear zaudela sutan den kirtenari heltzeko.